lunes, 20 de febrero de 2012

Neutralitatea/objektibotasuna

Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izan gaitezke?
Ez dut uste ez hezkuntzan eta ezta irakaskuntzan ere neutralak izan gaitezkeenik guztiz. Baina ez dut uste eguneroko bizitzan, familiarekin, lagunekin... ere neutralak izan gaitezkeenik ere. Neutro izate hori ezinezkoa iruditzen zait, edozein ekintza egiten ari garela ere, beste ekintza batzuk alde batera uzten ari baikara eta jada, momentu horretan neutro izateari uzten baitiogu. Klasean, hainbat kasu erreal ikusi eta eztabaidatu genituen, eta bertan ikusten zen, kasu guztietan guztiz neutrala izatea ezinezkoa dela. Irakasleak izango garen heinean, komeni dela pentsatzen dut ahalik eta neutroena izatea (erlijio bati buruz hitz egiterakoan, erlijio mota ezberdinei buruzko argibideak ematea; pentsamolde ezberdinak planteatzea...), hala ere, klasean eztabaida bat planteatzen den momentu horretantxe, neutralak izateari uzten diogu, beste eztabaida bat planteatzea baikenuen...
Gainera, neutralitate horrek, nolabaiteko pertsonalitate eza suposatuko lukeela pentsatzen dut, bakoitzak geure iritzia eraikia baitaukagu eta ezin baitugu denean neutroak izan... bestela ez genuke ez afiziorik, ez gustuko ekintzarik, ez iritzirik... izango.

Zein da neutralitate eta objektibitatearen arteko desberdintasuna?Aurreko galderarekin erlazioa du galdera honek. Neutralitatea, esan bezala, ezinezkoa iruditzen zaidan zerbait da, pertsonalitate ezarekin erlazionatzen dut. Aldiz, objektiboa izatea (haur ere bizitzako aspektu guztietan eta momentuoro lortzea ezinezkoa iruditzen zaidan arren), subjektiboa izatearen antonimoa da. Hau da, geure iritziaz gain, beste aukera asko daudela jabetzea eta gainontzeko ikuspegiak ere kontuan hartzea. Gai bati buruzko eztabaida bat planteatzen denean, adibidez, neutro izateari uzten zaio, gai konkretu hori aukeratu baita horretarako eta ez beste edozein. Objektibotasunari dagokionez, berriz, eztabaida horren barnean, ikuspegi guztiak kontuan hartzea eta gainontzeko jendeak esaten duenak, geure iritziaren baliotasun bera duela konturatzea da. Beti izango dugu subjektibotasun puntu bat, guztiok baitugu iritzi pertsonal bat beti, baina egoera horren barnean ahalik eta objektiboen izatea, hau da, gure pentsaeran ez zentratzea irakasle guztion erronka gisa ikusten dut. Beraz, badagoela aldea uste dut, neutrala izatearen eta objektibo izatearen artean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario