martes, 21 de febrero de 2012

Sormena lantzen...

Horrenbeste aldiz aipatu dugun sormenari buruzko artikulotxo bat aurkitu nuen aldizkari batean... Kantabrian egindako proiektu bati buruz hitz egiten du, haurrengan sormena eta emozioak lantzeak duen garrantziari buruzkoa da, hainbat iritzi ere agertzen dira. Interesgarria iruditu zait.

lunes, 20 de febrero de 2012

Neutralitatea/objektibotasuna

Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izan gaitezke?
Ez dut uste ez hezkuntzan eta ezta irakaskuntzan ere neutralak izan gaitezkeenik guztiz. Baina ez dut uste eguneroko bizitzan, familiarekin, lagunekin... ere neutralak izan gaitezkeenik ere. Neutro izate hori ezinezkoa iruditzen zait, edozein ekintza egiten ari garela ere, beste ekintza batzuk alde batera uzten ari baikara eta jada, momentu horretan neutro izateari uzten baitiogu. Klasean, hainbat kasu erreal ikusi eta eztabaidatu genituen, eta bertan ikusten zen, kasu guztietan guztiz neutrala izatea ezinezkoa dela. Irakasleak izango garen heinean, komeni dela pentsatzen dut ahalik eta neutroena izatea (erlijio bati buruz hitz egiterakoan, erlijio mota ezberdinei buruzko argibideak ematea; pentsamolde ezberdinak planteatzea...), hala ere, klasean eztabaida bat planteatzen den momentu horretantxe, neutralak izateari uzten diogu, beste eztabaida bat planteatzea baikenuen...
Gainera, neutralitate horrek, nolabaiteko pertsonalitate eza suposatuko lukeela pentsatzen dut, bakoitzak geure iritzia eraikia baitaukagu eta ezin baitugu denean neutroak izan... bestela ez genuke ez afiziorik, ez gustuko ekintzarik, ez iritzirik... izango.

Zein da neutralitate eta objektibitatearen arteko desberdintasuna?Aurreko galderarekin erlazioa du galdera honek. Neutralitatea, esan bezala, ezinezkoa iruditzen zaidan zerbait da, pertsonalitate ezarekin erlazionatzen dut. Aldiz, objektiboa izatea (haur ere bizitzako aspektu guztietan eta momentuoro lortzea ezinezkoa iruditzen zaidan arren), subjektiboa izatearen antonimoa da. Hau da, geure iritziaz gain, beste aukera asko daudela jabetzea eta gainontzeko ikuspegiak ere kontuan hartzea. Gai bati buruzko eztabaida bat planteatzen denean, adibidez, neutro izateari uzten zaio, gai konkretu hori aukeratu baita horretarako eta ez beste edozein. Objektibotasunari dagokionez, berriz, eztabaida horren barnean, ikuspegi guztiak kontuan hartzea eta gainontzeko jendeak esaten duenak, geure iritziaren baliotasun bera duela konturatzea da. Beti izango dugu subjektibotasun puntu bat, guztiok baitugu iritzi pertsonal bat beti, baina egoera horren barnean ahalik eta objektiboen izatea, hau da, gure pentsaeran ez zentratzea irakasle guztion erronka gisa ikusten dut. Beraz, badagoela aldea uste dut, neutrala izatearen eta objektibo izatearen artean.

Hezkuntza, gizarteratzea eta kultura

Klasean hiru kontzeptu hauek orden batean jartzeko eskatu zigun irakasleak, ez zigun orden horren irizpiderik konkretuko esan, soilik guri iruditzen zitzaigun bezala ordenean jartzeko. Taldeka egin beharreko lana zen eta ez ginen adostasun batera iritsi. Oso erlazionaturik dauden hiru kontzeptu direla pentsatzen dut, eta argudioen eta arrazoiketaren arabera, orden bat edo bestea izan daitekeela egokiena. Nik adibidez, eztabaida hasi genuenean pentsaera bat neukan, eta bukatu genuenean, beste pertsona batzuen arrazoiketak entzun ondoren iritzia aldatu nuen.
Orain, blogerako lana, hauetariko bakoitza definitzea da eta horrela egitea erabaki dut:
  • Hezkuntza: balioak, ohiturak, ezagutzak eta jokatzeko erak transmititzen dituen bi norabideetako prozesua da, gure sentimendu, jokamolde eta ekintza guztietan presente dagoena. “ Hezkuntza pentsatzen eta sentitzen dena da, horren eraikuntza". “ Hezkuntzak ematen digu tresna gauzei zentzua emateko".
  • Gizarteratzea: gizakiak bere gizarteko elemento soziokulturalak jasotzen dituen prozesua da, bere izaeran barneratzen dituelarik gizartean adaptatzeko.
  • Kultura: giza-talde baten mundua ulertzeko modua, horren arabera eraikitzen den errealitatea, belaunaldiz-belaunaldi transmititutakoa.
Definitzea zaila egin ez zaidan arren, garrantzitsuagoa zein den edo jaio eta lehenago zein ematen den esatea askoz ere zailagoa iruditzen zait, bata ez baita ezer bestea gabe, nolabaiteko nahasketa batean barneraturik daude...

viernes, 10 de febrero de 2012

Klasean komentatutakoak...

Klasean proposatu ziren galderetako bat ondorengoa izan zen: Zergatik dago baloratuagoa hezkuntza formala?
Galdera hau abiapuntu gisa hartuz, pentsatzen dut, orokorrean baloratuagoa dagoela hezkuntza formala, ez-formala baino. Hezkuntza formala 6 urtetik 16 urtera derrigorrezkoa izanik, eta hezkuntza formala aukerakoa izanik, garrantzia handiagoa ematen zaio lehenari, bigarrena beste maila batean kokatuz. Egia da, sistema baten barnean kokatua dagoen hezkuntza motak, haur baten heziketaren oinarri izan behar duela eta ez lukela beharko heziketa osagarririk. Hala ere, nire ustez, hezkuntza formalak dituen hutsune asko ez-formalak bete ditzake. Hezkuntza formala, hitzak berak dioen bezala, zerbait formala bezala ikusten dut, bete beharrekoa, orokorra, gobernu batek inposatua, curriculum zehatz bat daukana, legeztatua...

Beste aldetik, hezkuntza ez-formalak guzti horretatik irten eta gehiago sakontzen laguntzen duela iruditzen zait, gehiago lotzen dut gizatasunarekin, gizaki izaten jakitearekin, harremanak izatearekin, gustoko ekintzak egitearekin, pertsona bezala haztearekin, autonomia lantzearekin...

Guzti honengatik, pentsatzen dut, ez duela zertan baloratuagoa egon hezkuntza formalak, baina, uste dut, gizartearen gehiengoak hala pentsatzen duela.

Hurrengo galderak honela dio: Hezkuntza formala gehiago baloratzen baldin bada, zergatik hezkuntza ez-formalak baliabide gehiago ditu?
Ez dut uste hau benetan hala denik. lehen esan dudan bezala, nire ustez ere baloratua dago lehenengoa, baina ez dut uste bigarrenak baliabide gehiago dituenik. Normalean bigarrena ordaindutakoa izaten da ( formala ere baina beste neurri batean), eta horrek soilik, nolabait ordaintzen duenari eskubidea ematen dio material egokiak... jasotzeko. Ordaintzen duenak exigitu egin dezake, eta horregatik badirudi eskolaz-kanpoko ekintzetan (Ingelesa, dantza, udalekuak, eskola-kirola, musika...) baliabideak anitzagoak direla. kontuan hartu behar da hezkuntza formalean eta ez-formalean dauden ikasleen kopurua, batean, ezinbestekoa izanik kopurua ikaragarria baita, eta bigarrenean, kopurua asko jaisten baita.

Beraz, ez dut uste arazoa baliabide kantitatean dagoenik, baizik eta baliabide horiek erabiliko dituzten haur kopuruan.

Gero eta garbiago ikusten dut bata zein bestea garrantzitsuak direla haur baten heziketan eta bietan parte hartzeak osotasuna ematen diola horren garrantzitsua den prozesu honi.

Zein hezkuntza-eremutan egin nahiko nuke lan?

Galdera hau irakurritakoan burura datorkidan lehen gauza hezkuntza formala da, hau da, eskola bat datorkit burura, eta zehazki haur hezkuntza. Egiten ari garen Haur hezkuntzako gradu honek, hezkuntza formalean lan egiteko eskubidea emango digu, eta karrera hau aukeratu izanaren arrazoia, bertan lan egiteko nahia izan da.

Ez nago guztiz ados hezkuntza sistemarekin eta aldaketak egitea beharrezkoa dela iruditzen zait, horregatik, aldaketa horien alde egiteko eta borrokatzeko aukera ere badugula pentsatzen dut, eta irakasle izango garenean, gure eskubideen alde egin ahal izango dugu.

Momentu honetan, nire burua ikastola bateko haur txikiekin ikusten dut, hala ere, hezkuntza ez-formalak garrantzia handia duela iruditzen zait eta ez dut baztertzen bertan lan egitea. Gaur egun dagoen egoerarekin egia esan, bi hezkuntza motetan lan egiteko prest nago, ez gaude ezeri ezezkoa emateko moduan...
Haur batek hezkuntza formalean jasotzen duen hezkuntzaz gain, komenigarria iruditzen zait hezkuntza ez-formalean ere bere heziketa osatzea. Biak osagarriak direla pentsatzen dut, eta batek dituen hutsuneak besteak bete ditzakeela.

Beraz, ondorio bezala, printzipioz nire burua hezkuntza formalean ikusten dudan arren, ez diot ezeri aterik isten. Ez dakit etorkizunak zer ekarriko digun, batek daki...