Bada garaia atal honi ere sarreratxo bat egitekoa... nahiz eta oraindik ziur ez egon nondik nora jo behar dudan.
Didaktikako irakasgaiean, blog bat sortzeko eta eraikitzeko proposamena egin zaigu, non, paper-zorroa izeneko gune honetan, hamabost aste hauetan ikasitakoarekin istorio edo narrazio bat sortu behar dugun geure bizipenekin.
Proposamen berria da, eta berria den guztiak dakarren ziurtasun ez horrek beti beldur edo kezka puntua dakar berarekin... Horregatik kosta egin zait lehen pausoa ematea, baina, tira, hastea omen da gauza...
Lan honekin daukadan helburua, aurretik nekienarekin eta entzun edo irakurri dudanarekin oreka bat lortzea da, hau da, nik hau pentsatzen nuen, baina, hori entzun dut eta zalantzan geratu naiz, desorekan. Desoreka momentu hori da nik identifikatu eta paper-zorro honetan erreflejatu behar dudana. Ea ba aurrera eramateko gai naizen ala ez...
Bada teoriagile ezagun bat, Piaget, hain zuzen ere, aipaturiko oreka-desoreka horren aipua egiten duena. Berak, haurrengan azaltzen du prozesua, baina, nire ustez, ez dabil oso urrun, helduok ikasterakoan betetzen dugun prozesu horretatik.
Bere teoriaren arabera, ikastea, oreka kognitiboa lortzea da, hau da, mundua ulertzea. Momenturen batean, oreka hori apurtu egingo da, desorekan sartuz. Etengabe, ikaste prozesua eman dadin, haur hori, oreka-desoreka egoeran egongo da. Kontzeptuak finkatzen doan heinean, oreka egoera lortuko du, baina iritsiko da momentu bat, non, kontzeptu edo egoera berri bat sortuko zaion, eta lehendik finkaturik zuen kontzeptua zalantzan jarriko duen. Horrela, berriro ere desoreka hori gertatuko da. Oreka galtzea, jakin mina… ez badira sortzen, ez dugu ikasten.
Piagetek haurrekin deskribatzen duen prozesu hori bera edo antzekoa gertatzen da helduongan ere. Zerbait badakigula pentsatzen dugu, edota modu batean barneratu eta ulertzen dugu, baina, badira momentu batzuk, non, aurretik dakigun horri kontrajartzen zaion zerbait entzun edo irakurtzen dugun. Zer gertatzen zaigu orduan? Desorekan geratzen garela. Ez dakigu jasotako informazio berria den egokia, ala guk buruan genuena den egokiagoa. Eman diguten arrazoiketa berria zentzuzkoa dela pentsatzen badugu, ziurrenik ideiaz aldatuko dugu eta lehen genuen ideia hori berri honengatik aldatuko dugu, oreka lortu asmoz.
Hori da nire paper-zorro horren erronka, oreka-desoreka egoera bat identifikatu eta hemen azaltzea.
Bada zerbait oreka-desoreka egoera horretan egonarazten nauena. Ez zait egun batetik bestera gertatu, piskanaka gertatzen ari zaidan zerbait da, gero eta aurrerago joan irakasgaietan, gero eta desoreka handiagoan bainago.
Kurtsoa hasi baino lehen nik Hezkuntza sistemari buruz nuen ideia ez zen orain daukadanaren berdina. Pentsatzen nuen garai bateko irakaskuntza eta gaur egungoa guztiz ezberdinak zirela. Egia da aspektu askotan aldatu dela (klasekide guztiok geure posterrean azaldu nahi izan genuen bezala). Lehen diziplina ikaragarria zegoen, irakasleak "agintzen" zuen eta haurren iritziak ez zuen balio, kontzpetu gehienak buruz ikasi behar izaten ziren ulertu gabe, irakasleak ikasle guztiei tratu berdina ematen zien bakoitzaren beharrak kontuan hartu gabe...
Hori guztia aldatzen ari dela argi daukat. Orain ikasketa indibidualizatuago bat eskaintzen da, haurren beharretan gehiago oinarritutakoa, haurren sormenaren eta ikaskuntza anitzaren alde egiten da...
Guztia orokorrean esanda, ikusi baititugu kasuak, non, eskola pribatu edo publiko, erlijioso edo laiko... izateak eragina duen. Oraindik pertsona asko dago pentsatzen duena, diziplinak garrantzia handia duela eta ez duela garrantziarik haurren iritzi kritikoak, soilik azaltzen zaiena barneratu behar dutela.
Esan bezala, horrek desoreka sorrarazten dit, horren garatuak gaudela pentsatzen dugun garai honetan, uste baina zentro eta pertsona asko baitago gaur egungo metodologietara egokitu nahi ez duena eta iritziz aldatzen ez duena.
Honez gain, garbi dago, sistema bati buruz ari garenean, kasu honetan Hezkuntza Sistemari buruz, konturatu behar duguna dela, aukera politiko bat dela, eta ondorioz, curriculum inposatu bat. Aukera politiko bat izanik, momentu horretan Espainian indarrean dagoen politikaren araberako hezkuntza eredu bat izango dugu, eta hau aldatzen den momentuan, inposatuko den curriculuma ere aldatu egingo da. Benetan harrigarria iruditzen zait, gure haurren ikaskuntza prozesuarekin modu honetan jolastea, beraiek jasan beharko baitituzte etengabeko aldaketak, eta noski, baita irakasleok ere. Desoreka handi batean aurkitzen naiz honetan pentsatzen dudanean, guztia askoz "politagoa" zelakoan bainengoen eta pixkanaka konturatzen ari naiz oker nengoela...
Geroz eta ziurrago nago Hezkuntza Sistema guztiz baldintzatua dagoela politikarekiko. Zer egingo eta, orain, Dbh hiru urtetera gutxitu nahi dute eta Batxilergoa, berriz, hiru urtetera luzatu... argi eta garbi dago legez aldatzeko arazorik ez dagoela hezkuntzari dagokionean behintzat. Eta, ez hori bakarrik, duela gutxi Hezkuntzako oposaketetara aurkeztu behar zuten milaka pertsonei bat-batean gaitegia aldatu diete, zein da helburua? Ahalik eta jende gutxiagok gainditzea lanpostu gutxi dagoelako? Nik behintzat ez dut beste arrazoirik topatzen...
Beste ardura bat ere badabilkigu, bai nik eta baita nire gelakideok ere, ez baitakigu laugarren urtean egin beharko dugun espezializazio horrek zenbaiterainoko balioa izango duen. Hasi gara ikasten, baina zeintzuk izango dira gure aukerak bukaeran? Ez da oso erosoa horretan pentsatzen jartzea egia esan...
Gutxienez irakasleek horri buruz hitz egiteko aukera ematen digute eta arduratzen direla dirudi...ez da gutxi...
Haur Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak hiru urtetik lau urtera luzatu izanak badu behintzat zerbait positiboa, urte bete gehiago daukagu ikasteko, hezteko, zalantzak argitzeko eta gure lana izango den horretan prestatzeko. Didaktikan orain eskola bateko programazioa egitea egokitu zaigu. Guztiz abstraktoa iruditzen zaidan zerbait da, baina, jakinmina ere badut, oso erabilgarria izango zaigula pentsatzen baitut. Beraz, programazioari ekin diogu, ea nola doan prozesua, kontatzen joango naiz...
Pixkanaka bagoaz aurrera programazioarekin ere. Aurrera goazen heinean, ez zait horren abstraktoa egiten ari, pixka bat kokatzen ari naiz. Eskolaren kokalekuari buruz idatzi dugu, helburu orokorrak eta edukiak ere finkatu ditugu eta orain ebaluazioarekin hasi behar dugu. Aukeratu ditugun edukien araberako ebaluazio irizpideak aukeratu beharko ditugu, beraz, honek lan gehixeago suposatuko digula pentsatzen dut, edukiak begiratzen joan beharko baitugu eten gabe.
Hala ere, programazioa zerbait orokorragoa izanik, iruditzen zait unitate didaktikoa konplexuagoa izango dela, askoz zehatzagoa izan beharko baitu, gai konkretu bati buruzkoa. Kasualitatez, anaia ere hurrengo oposaketetara aurkeztekoa da eta bera ere unitate didaktikoekin dabil gora eta behera. Uste dut ondo etorriko zaiola berari nik hau lantzea unibertsitatean, eta baita niri ere bera momentu honetan gauza bera lantzen aritzea, zalantzak elkartrukatu baititzakegu. Berari ez dio gehiegi eragin gaitegia aldatu izanak, oraindik ez baita hasi ikasten, baina aurrekoan esan bezala, ziur nago egin dutena jende gutxiagok gainditzeko egin dutela izan dela...
Ea zer moduz doakigun hurrengo klaseetan ebaluazioaren gaia, luze xamarra izango delakoan nago... idazten joango naiz nire irudipenak zeintzuk diren.
Tira ba, astetxo bat inguru igaro ondoren, ez zait horrenbesterako iruditu ebaluazioaren gaia. Ebaluazio irizpide batzuk argi eta garbi zerikusia dute aukeraturiko edukiekin, beraz, erlazioa topatzea eta ebaluazio irizpide egokienak aukeratzearen lana ez da horren luze joan. Behin puntu hori jorratuta, Konpetentziekin hasi gara. Sei konpetentzien artean lau aukeratu behar izan ditugu, garrantzitsuenak iruditu zaizkigunak, eta ondoren, gure lana konpetetnzia horietako bakoitzari, esperientzia-eremu bakoitzak ( Norberaren ezagutza eta autonomia pertsonala, Ingurunearen ezaguera eta Hizkuntza)zer aportatzen dion esan behar dugu, horretarako, esperientzia-eremu bakoitzeko sarrera irakurriaz. Gutxi gorabehera, puntu hori ere jorratua daukagu eta ondoren egin beharrekoa Metodologiaren puntua izango da. Egiten ari garen heinean eta denbora pasatzen doan heinean, hasiera bataen horren abstraktua iruditzen zitzaidan "programazio" hitz hura, gero eta ezagunagoa eta errazagoa iruditzen ari zait. Orain udaberriaren etorrerarekin eta izaten ari garen egun eguzkitsu eta polit hauekin pereza ere ematen du ordenagailuaren aurrean jarri eta programazioarekin lanean jartzea baina... egin beharreko lana da eta eguraldi ona egitea nahi dugu, beraz, ezin kexatu. Ea idazten dudan hurrengo egunean ere gauza ondo doan eta programazioari bukaera ematen diogun...
Oporrak. Deskantxatzeko egunak. Deskonektatzeko eta egunerokotasunetik aldentzeko egunak.
Guzti honetan okerrena bukatzen ari direla izango da...
Oraindik lau eguntxo geratzen zaizkigu, eta agian momentu egokia dela pentsatu dut hemen bisitatxo bat egiteko. Guztiak berdin jarraitzen du eta gustatuko litzaidake nire blog honek mugimendu gehixeago izatea, hortaz, hemendik aurrera martxan jarri beharko dut. Oporretatik buelta gogor xamarra izango denaren irudipena daukat, Didaktikan, behintzat, Unitate didaktikoa egin beharko baitugu. Aste Santua baino lehen Programazioa bukatu genuen. Hasieran beldur moduko bat izan nuen arren niretzat zuen abstrakzioagatik, orain, amaitu ondoren, beste sentsazio bat geratu zait, ez horren txarra;lana, modu gidatuan, ondo egin dugunaren sentsazioa.
Orain dator erronka nagusia. Gai bat aukeratu eta horri buruzko prestakuntza guztia egin beharko dugu. Programazioa egin ondoren, ez dut horren modu abstraktuan ikusten, eta Programazioa bera baina konplexuagoa iruditzen zaidan arren (askoz ere zehatzagoa baita) gai izango garela pentsatzen dut. Gainera, etorkizunerako entrenamendu moduan hartu beharko genukeela pentsatzen dut, etorkizunean oposizioetara aurkezteko horrelako bat prestatu beharko baitugu. Beraz, egin beharreko lana oso baliogarria izango zaigula uste dut. Pereza punttu batekin baina erraz egingo dugun itxaropenarekin geratzen naiz...
Azken aldiz idatzi nituen kontuak irakurritakoan "inuxente" samar sentitu naiz. Erenegun izan genuen Unitate didaktikoan egin beharko dugunaren azalpena eta atzoko klasean hasi ginen edukien zatiarekin. Egia esan, sentsazio txarrarekin atera nintzen klasetik, uste nuena baina zailagoa izango dela pentsatzen baitut. Programazioa egiteko, Dekretua genuen oinarri bezala, eta orain ere erabili dezakegun arren, oraingoa askoz ere pertsonalagoa da eta ideiak askoz ere gehiago landu behar dira. Edukiei dagokienez, eduki motaren arabera (kontzeptuak, jarrerak edo prozedurak) modu desberdinean idatzi behar dira, eta, kontzeptuetan, adibidez, ezin da aditzik erabili! Hiru eremuak landu behar dira eta lehenengo eremua iruditzen zait zailena. Eduki guztiak definitzeko denbora eman zigun arren, esan bezala, ez nintzen batere sentsazio onarekin geratu. Gainera, pentsatzen dut, denbora gehiegi ez dela geratzen kurtsoa bukatzeko eta justu samar ibiliko garela Unitate Didaktikoa amaitzeko. Agian, bigarren lauhilabetearen hasieran landu behar genituen Programazioa eta Unitate didaktikoak eta horrela, orain lasaiago egongo nintzen. Azterketan hori bera egin beharko dugula pentsatzea ere presio txiki bat da... baina beno, orain arte talde bezala ondo funtzionatu dugunez, itxaropena mantenduko dut. Gainontzeko klaseetan gai izan badira egiteko, gu ere gai izango gara. Ea hurrengo astean gauzak hobeto ikusten ditudan.
Beno, badoa ikasturtea aurrera, edo hobe esanda ari da ikasturtea amaierara iristen. Egia esan konturatzerako pasa dira hilabete hauek, eta konturatzerako iritsiko dira udako oporrak. Aste Santutik bueltan iadanik, berriro ere martxa ondo hartuta gabiltza eta batez ere Didaktikan eta Lan-modularrarekin jo eta ke lanean. Azken aldiz idatzi nuenean benetan ezkor nengoen, Unitate Didaktikoari itxura txarra hartzen niolako. Gaur, ordea, beste begi batzuekin ikusten dut. Ari gara piskanaka lanean: edukinak, ebaluazio irizpideak, metodologia eta helburuak bukatzear gaude. Loreak ere esan digu lehen egunetik hobetu dugula eta "blokeo" momentua pasa zaigula. Bere hitzek ere animatu gaituzte, eta, taldekideok ere geure burua hobeto ikusten dugu. Gero azterketan ikusi beharko da ea bakarrik egiteko gai garen ala ez, baina, behintzat, positibotasuna nabariagoa da. Gainera, klase bat gehiago emateko aukera eman zaigu, eta horrek ere lasaiago lan egiten lagunduko digu.
Hiru klaseko egun geratzen zaizkigu Unitate Didaktikoari amaiera emateko. Aste honetan lan modularreko aurkezpenak izan ditugunez, egun batzuetan alde batera utzi dugu Unitate Didaktikoa, baina, berriro gogor ekin behar diogu bukatu nahi badugu behintzat... Hasi da eguzkia gero eta gehiago irteten eta gero eta gehiago berotzen, ari da kurtso honen amaiiera iristen eta gero eta gertuago dago azterketa ere, beraz, ez dugu aitzakiarik serio lan egiteko, opor lasaiak igaro nahi baditugu behintzat. Egia esan, ondo etorri zaigula pentsatzen dut aurkezpenen astetxo hau Unitate Didaktikoarekin arnas piska bat hartzeko. Oso aurkezpen politak ikusteko aukera izan dugu, eta, nik behintzat, ikasi dut ikusleengana iristeko ez dela izugarrizko esfortzua egin behar, garrantzitsuagoa dela egindakoa gogoz eta originaltasunez prestatzea. Aurreko lauhilabetearekin alderatuz, askoz ere gauza politagoak eta entretenigarriagoak ikusi dira, parte-hartzea asko bultzatu da, komunikazio gaitasuna dugula argi geratu da eta entzuleengana iristeko, oso gauza politak eta bereziak ikusi dira. Ea ba atsedenalditxo honek energia ematen digun eta gogotsu ekiten diogun azken aste honi, gure Haur Hezkuntzako graduko lehen mailako azken aste honi.
Oraintxe bertan une kritiko batean nago. Ez zaigu ezer ere geratzen lehen maila bukatzeko eta Unitate Didaktikoarekin bueltaka gabiltza, ezin bukatu, "blokeatuta". Presaka egin beharko dugunaren sentsazioa dut eta ez da orain arte lanik egin ez dugulako, baina, jarduerekin gora eta behera gabiltza eta astuna egiten ari zait benetan. Nahiko baikorra naizenez, espero dut biharko eguna ezberdina izatea eta bihar egoera beste modu batean ikustea... ez nuke astea sentsazio txarrez eta lan kaskarra egin dugunaren irudipenarekin amaitu nahi.
Atzo idatzirikoa parentesi moduan utziko dut, gaur, 24 ordu beranduago, egoera kritiko hura gainditu baitut. Badirudi Unitate didaktikoak forma hartu digula eta ez zaigu asko geratzen bukatzeko, agian bihar azken errepasoa egin eta ukitu batzuk emanda amaitutzat utziko dugu. Hala ere, hilabete hauetan taldeta egindako lan kuadernoa ere txukundu eta entregatu beharko dugu, eta gauza bera programazioarekin. Estu samar baina azken klase egunera iritsi gara eta Unitate didaktikoa bukatzean lasaitu ederra Hartuko dugu, azken egun hauetan gure buru-hauste nagusia izan baita... gero azterketan ikusi beharko ea nola moldatzen garen!
Ez dakit ondo edo gaizki egina, nahiko osatua edo osatugabea egongo den, baina, behintzat, ni, nahiko gustura geratu naiz.
Hasieran beldurra edo errespetua sortzen zidan horrelako blog batean nire kontuak kontatzeak, baina, bukaerarako, dezente animatu naizela iruditzen zait eta pozik nago. Gauza berriek beti sortzen dute berri izate horren misterioa, eta, nahiz eta Tuentia, Facebooka eta antzeko sare-sozialen partaide izan, hau zerbait serioagoa da eta ez du zerikusirik lagunekin hitz egitearekin edota gustuko argazkiak zintzilikatzearekin. Erronka polita aurkeztu zaigula iruditzen zait blog honen proposamenarekin. Lehen lau hilekoan ere, proposamen berri antzeko bat luzatu zigun Teoria eta Historia irakasgaiko irakasleak. Hari Kaiera deitu zion eta “egunkari” moduko lan bat egitea zen helburua, teoriarekin ulertzen genuena eta klasean landutakoa bertan islatuz. Beraz, ikasturte honetan bi erronka berri proposatu zaizkigu, orain arte egin ez genituenak, baina, agian, hemendik aurrera gehiagotan egin beharko ditugunak.
Ideia polita iruditzen zait, baina, inplikazioa eskatzen du. Jarraia den lan bat izanik, ez da egun batean egin daitekeena eta ahaztu zaitezkeena, tarteka, idaztea eskatzen du, hausnarketak egitera bultzatuz eta sentitzen edo bizitzen dugunarekin istorio moduko bat osatuz. Horregatik, bigarren lau hilabete honetan beti izan dugu lana.
Aste hauetan zehar, hainbat gauzari buruz hizketan aritu naiz nire paper-zorro honetan. Hainbat oreka-desoreka egoera bizi izan ditut eta horiek islatzen saiatu naiz. Hezkuntza-sistemak sorrarazten dizkidan gorabeherak kontatu ditut, laugarren urteko espezializazioak sorrarazi dizkigun zalantzak ere plazaratu ditut, Didaktikan egin ditugun Programazio eta Unitate Didaktikoari buruz ere mintzatu naiz… orokorrean, nire sentimenduak adierazi ditut eta, esan bezala, hasieran berritasunak kezka sortu zidan arren, martxa hartu diot.
Paper-zorroaz gain, orrialde nagusi bat ere badu blogak, non bertan plazaratzeko galdera batzuk planteatu zaizkigun aste hauetan zehar. Egia esan, nahiago izaten dut gauzak eguneratuak eramatea eta egunean egunekoa egiten saiatzen naiz, horregatik, orrialde nagusian lan gehiago egin dut irakasgaiaren hasieran, eta, gehiago paper-zorroan irakasgaiaren amaieran. Ez nuen uste, baina, azkenean errazagoa egin zait paper-zorroa betetzea orrialde nagusia betetzea baino, errazagoa egiten baitzait segida bat jarraitzea, tarteka gai ezberdinez hitz egitea baino.
Aurreko hiru urtetan Erizaintza ikasten aritu ondoren, oso ezberdina den beste ikasketa batzuk egiten ari naiz orain eta egia esan, gustura sentitzen naiz. Zerikusirik ez duten arren, biak gustatu izan zaizkit beti eta biak egiteko aukera izateak zortedun sentiarazten nau. Bata askoz ere teknikoagoa eta bestea hausnarketara gehiago bideratua, baina, bai bata eta bai bestea oso aberasgarriak. Kasualitatez, lan-munduari begira, bi arlo hauek dira murrizketak jasateko arrisku handiena dutenak. Oso neurri larriak iruditzen zaizkit, osasunik gabe ezin dugulako bizi eta hezkuntzarik gabe ez dugulako etorkizunik. Horregatik, espero dut denborak guztia “sendatzea” eta gauzak bere onera bueltatzea.
Amaitzeko esan, esperientzia berri bat izan dela blog bat sortzea eta eraikitzea, eta honi ere ebaluatua izateko ordua iritsi zaionez, bukaera eman beharko diodala. Ez naiz bertsoak sortzen edota poesia egiten abila, beraz, besterik gabe esan beharko dut, gaizki esanak barkatzeko eta ongi esanak ongi hartzeko! Ondo izan!
MADDI
No hay comentarios:
Publicar un comentario